INSKRIPZIOAK

Historia

Zizur Nagusiko saskibaloia ARDOIk garatu du eta hainbat etapa izan ditu egungo egoerara iritsi arte, hots, 30 talde baino gehiago ditu eta lizentziarik gehien dituen klubetako bat da Nafarroan. Lehen bi etapetan bi entrenatzaile izan ziren ardatz, biak ere zuzendari bihurtutakoak, gaur egun garen hori sortzeko. Izan ere, sorkuntza eta garapeneko lehen etapak José Mari Pombo izan zuen buru; bigarrenak, berriz, hau da, finkatze-etapak, Iosu Janices, harik eta egungo etapara iritsi arte, Fundazioaren arora, alegia.

1988-1998. Saskibaloiaren hastapenak Zizurren

Egungo ARDOI Nafarroako Saskibaloi Fundazioaren lehen pausoak 1988an eman ziren. Urte gutxitan, Zizur Nagusiko biztanleria bikoiztu bazen ere, kirol eskaintza urria zen. Garai hartan, udal kiroldegia eraikitzen ari zen, eta udalerriko kide batzuek José Mari Pomborengana jo eta saskibaloia eskaintzea proposatu zioten, jarduera berri hura hark berak gara zezala
eskatuta.


Urte hartan bertan, infantil mailako 2 talde osatu ziren, biak ere José Mari Pombok entrenaturik. 87/88 denboraldiko liga bukatzeko zorian zegoela, taldeek Udaberriko Kopan bakarrik jokatu zuten. Mutilen infantilean, honako jokalariak aritu ziren: Erik Zabala, Pedro Munarriz, Javier Serrada, Carlos Villuendas, Tomas Bonello, Luis Javier Goñi, Mikel Castillo, Diego Biurrun, Héctor Trabanca eta Juanjo Zabala. Haietako batzuek ibilbide luzea egin dute Ardoin eta Nafarroako saskibaloian, hainbat jarduera eginda.


Nesketan, lehen talde hartan, besteak beste honakoak aritu ziren: Olatz Castillo, Ana, Maite eta Maia Morras, Susana Salvatierra, Alexia eta Claire Gahigiro, Nera Olave, Laura Zabaco, Maite Vidaurre, eta Estela Lanciego.
Hurrengo urtean, talde kopurua bikoiztu zen: 4. Izan ere, kadetera pasatu ziren aurreko biez gain, 2 talde hasi ziren minibasketean. Denboraldi hartan lehen aldiz aritu ziren Ardoiko taldeak denboraldi osoan, hau da, 1988-89an. Eta beste bi pertsona sartu ziren José Mariri laguntzeko: José Luis Pérez eta Susana González, hain zuzen ere.


89/90 denboraldian, kiroldegia inauguratu eta talde kopurua ugaritu zen, guztira 10 izan baitziren (2 kadete, infantil 1, 3 aurreinfantil, 2 mini eta 2 aurremini). Denboraldi hartan, bestalde, Jorge Castillo hasi zen entrenatzaile.

90/91 denboraldian, talde gehiago ere izan ziren. Guztira, 12, eta lehen aldiz, Zizurko talde batek Nafarroako txapelketa irabazi eta sektore fasea jokatu zuen Sariñenan (Aragoi). Nesken infantil mailako taldea izan zen, Jaun-Dirck Gonzálezek eta Desiré Gahigirok entrenaturik. Honatx taldekideak: Ainhoa Zabala, Jaione Valle, Lourdes Manzano, Nerea Biurrun, Begoña Añorga, Edurne Lazcano, Amaia Sarriguren, Marta Lavado, María San Juan, Nieves Pombo, Tefa Rodríguez eta Arantxa Lanciego.


Laguntza bazuen ere, esan daiteke José Marik ia 8 talde zituela bere gain eta Kluba zuzentzen zuen; beraz, hura gero eta lan handiagoa zen. Orduantxe sartu zen Francisco Mayo klubaren antolaketan laguntzeko eta, zenbait gurasok lagundurik, saskibaloi ataleko lehen zuzendaritzatzat jo daitekeena hasi zen ernamuintzen, Udaleko Kirol Patronatuak babesturik.

Francisco Mayori esker, Rural Kutxarekiko babesletza lortu zen, eta horrek egonkortasuna eman zion saskibaloi atalari hastapen haietan, bide asko ireki baitzizkion; eta hura, gainera, saskibaloi atalaren irudia izan zen 10 urtetik gora, talde guztiek eramandako kirol jantzi zuri-berdeetan irudikatuta.

Jose Marí Pombo buru izandako etaparen bigarren zati hartan, bada zer nabarmendu hala kirolean nola klubaren egituran. Lehenik eta behin, mutilen talde seniorrak Autonomien arteko lehen mailara igotzea lortu zuen (orduan, Hirugarren Maila), 95/96 denboraldian. Horrenbestez, 96/97 denboraldian talde bat maila nazionalean izan genuen lehen aldiz. Denboraldi hartako eguberrietan, José Marik Zizurren kokatu berria zen Iosu Janicesekin hitz egin zuen, Autonomien arteko lehiaketako taldea zuzendu zezan. Talde horrek 3 urtez iraun zuen kategorian, 98/99 denboraldian jaitsi zen arte.

Bigarrenik, Galina Savitskaia iritsi Klubera, SESBeko internazionala, 7 aldiz Europako txapeldun izana eta 3tan mundukoa. Galinak bere etapa profesionala CBNn bukatu zuen eta, erretiratzean, Zizur Nagusira bizitzera etorri zen. Hasieran, talderen bat entrenatzeko etorri zen, baina luza gabe jokatzen hasi eta, harekin, 97/98 denboraldian, nesken talde seniorra estatuko Bigarren Mailara igo zen. Denboraldi bakarra eman zuen maila hartan, urte hartan bertan Lehen Nazionalera igo baitzen, eta ia bi hamarkadaz iraun zuen goi maila hartan. Honatx, igoera haietan parte hartutako jokalari batzuk, José Mari entrenatzaile izan zela: Andrea Ortega, María Moral, Galina Savitskaia, Jaione Valle, Jaione Moral, Ainhoa Zabala, Iruña, Leire, Oihane, Miriam eta Esther.

96/97 denboraldian, nesken talde infantila berriz ere izan zen Nafarroako txapelduna, Pedro Munarrizek entrenaturik, eta Espainiako Txapelketako sektore fasea jokatu zuen Zaragozan.

Klubaren zuzendaritzan 10 urtez aritu eta gero, José Mari Pombo bigarren planora pasatu,eta Iosu Janicesek lekukoa hartu zion. José Marik egindako lanaren barnean, nabarmentzekoa ere bada NBAko Herb Brown entrenatzailea ekarri izana Zizurrera klinik bat ematera edota Kroaziako selekzio nazionalaren anfitrioia izatea 92ko Olinpiadak prestatzeko.

 

1998-2007. Proiektuaren finkapena

Iosu Janicesen aldia hasi zenean, mutilen talde seniorra Autonomien arteko lehiaketara igo zen, erregionalean urtebetez bakarrik jokatu eta gero, 98/99 denboraldiko jaitsieraren ondorioz. 2000/2001 denboraldian, beraz, taldea Autonomien artekoan aritu zen eta, urte hartan berean, Lehen Mailara igo zen, eta hantxe dirau gaur egun arte.

Iosuren bidez, Zizurko saskibaloiak behin betikoz egin zuen gora. 30 talde guztira, lehen bi taldeak Lehen Maila nazionalean erroturik, eta nafar txapelketetan garaile ateratzea jada ez zen salbuespena izan, hala nola hiru liga junior elkarren jarraian nesketan, azkena mutilen garaipenarekin batera, besteak beste. Aldi berean, atalaren behin betiko finkapen ekonomikoa gertatu zen, diru-sarrerak eta babesleak ugarituta eta aniztuta.

Txanda hartu zuenean, zuzendaritza berria osatu eta, hartan, Pedro García izan zen presidentea, Rafael Arlegui eta Ángel Lizarragarekin batera, eta José Mari Pombok lagundurik; saskibaloiak, dena den, Udaleko Kirol Patronatuaren atala izaten jarraitu zuen.


Zuzendaritza hartan eta hurrengoetan, Iosu zuzendari teknikoa edo kirol zuzendaria izan zen. Dena den, zuzendaritza eta kluba dinamizatzeko egin zuen lana funtsezkoa izan zen.


Ondoren, Alberto Palacios izan zen presidentea, eta klubaren egituraketa garatzen segitu zuen, harik eta Iosuk guraso abokatu talde bat bildu (Santi Torranok gidaturik) eta saskibaloiatalari bere estatutuak eman zizkion arte, hau da, udal zerbitzuetatik kanpo gelditu zen, baina lankidetza estuari eutsita, eta Fundazio izaera eman zitzaion 2007an, ARDOI Nafarroako Saskibaloi Fundazioa izena emanda.

 

2007-2012. Kluba Fundazio eratu zenekoa

Fundazioak helburu ditu saskibaloia Zizur Nagusian eta Nafarroan garatzea, eta zeregin horren bitartez, jendea gizarteratzea. Fundazioaren patronatua hiru urtean behin aukeratzen da. Lehen agintaldian, Alberto Palacios izan zen buru eta fundazioa eratu aurretik egiten zen lanari eman zitzaion jarraipena; beraz, Iosuren lan dinamizatzailea kontuan hartuta. Bigarren agintaldia hasi zenean (2010) eta, 12 urtean klubean buru eta lehen bi taldeak entrenatu eta gero, Iosu Janicesek lehen lerroa alde batera utzi, eta bigarren patronatu bat aukeratu zen, Pepe Contreras buru jarrita.


Fundazioaren aldi hartan, kirolean nabarmentzekoa da Lehen Mailako taldeak bi igoera fase jokatu zituela elkarren jarraian emakumezkoen 2. Ligan, Rubén Navak zuzendurik, 2008/2009 eta 2009/2010 denboraldietan.


2008/2009an, gainera, Jorge Conde hasi zen zuzendari tekniko, eta jarraipena eman zitzaion klubaren egituraren aurrerabideari eta profesionalizazioari.


Era berean, Fundazioa eratu zenean abiarazitako gizarte ekintzari eutsi zitzaion eta, 2012/2013az geroztik, Psicobasket ekimena egiten da desgaitasun intelektuala duten haurrendako, lehen fase honetan Tadea Lizarbe eta Borja Garayoa entrenatzaileek gidaturik.


Kirol arloari dagokionez, klubak hazkundeari eutsi zion. 2013an, 3×3 torneoa jokatu zen lehen aldiz, haurrak erakartzeko torneo klasikoa, herriko ikastetxeek eta Zizur Nagusiko Udalak berak lagundurik. Era berean, garai hartan udako campusa antolatu zen, familiek gogo handiz hartutakoa, eta entrenatzailerik gazteenek lagundurik eta babesturik aurrera atera zena.


Garai hartan ere bestelako mugarriak izan ziren, hala nola 2012ko festak iragartzeko suziria bota izana edota Nafarroako Gobernuak José Mari Pombori Kirol Merezimenduaren Zilarrezko Domina eman izana.

 

2012-gaur egun arte. Taldeak elitean

Denboraldi horretan, klubak goia jo du hala emakumezkoetan nola gizonekoetan.


Izan ere, gizonezkoen taldeak EBA Ligako kategorian aritzea lortu zuen, hau da, saskibaloiko laugarren mailan, Nafarroako Saskibaloi Federazioarekin egindako akordioaren ondorioz, tarteko talde bat sustatzeko Basket Navarra talde profesionalaren azpitik, une hartan LEB Oro-n ari zena.


Gizonezkoen taldearen ibilbidea ezin arrakastatsuagoa izan da eta, MegaCalzado babesleak lagundurik, LEB PLATAra igotzeko fasea ere jokatzea lortu zuen hainbat denboralditan ia elkarren jarraian: 2014-2015ean eta 2015-2016an, Aitor Alonsok entrenaturik, eta 2018-2019an, Javier Unzué “Jotas”-ek zuzendurik.


2019/2020 denboraldian, Juantxo Ferreirak hartu zuen bere gain gizonezkoen ataleko zuzendaritza teknikoa eta gizonezkoen lehen taldeko postuaz arduratu zen. Teknikari hark ibilbide luzea egina zuen Argentinako saskibaloian eta haren ekarpena lagungarria izan zen berrikuntza sakona egiteko, jokalari gazteei sarrera emanez, gero eta zorrotzagoa zen liga
hartan. 2022/2023 denboraldian, taldeak EBA Ligako maila galdu zuen, hamaika denboraldiz jarraian hartan lehiatu eta gero; eta egun 1. Nazionalean dabil.


Emakumezkoen atalean, Jorge Condek dirau zuzendaritza teknikoan. Emakumezkoen lehen taldeak, Rubén Navak zuzendurik eta, era berean, MegaCalzadok babesturik, ia bi hamarkadaz Lehen Nazionalean jokatu eta gero, igoera gogoangarria erdietsi zuen LF2ra 2017/2018 denboraldian. Honatx taldekideak: María Zabalza, Irantzu García, Garazi Misiego,
Maite Lizarraga, Maite Gil, Cecilia Liñeira, Nerea Misiego, Paula Marcos, Itziar Arregui, Alba Ducun, Ane Galán eta Maritxu Ariz.


Igoera gertatu zen, Patronatua berritu eta gero. 2016an, Pepe Contrerasek Fundazioaren presidentzia utzia zuen, Xabier Azkarragak txanda hartuta, hainbat gurasok osaturiko taldeak lagundurik. Javier Ramírez presidenteordea izan zen.


Igoeraren ondotik, emakumezkoen atalak bi aldaketa handi izan zituen 2018/2019 denboraldian. Batetik, Nafarroako emakumezkoen saskibaloia egituratzeko egitasmoa sortu zen, Nafarroako Saskibaloi Federazioak eta Nafarroako Gobernuak lagundurik, Ardoik gidaturik, erreferentziazko taldea baitzen, eta 10etik gora taldek babesa emanik. Bestalde, babesle nagusi berri bat iritsi zen, Osés Construcción, hurrengo denboraldietan emakumezkoen taldeari izena eman eta ibilbide arrakastatsu hartan lagun egin ziona, lehenik LF2n eta, gero, LF Challenge berrian, hau da, estatuko saskibaloiaren bigarren mailan.


Kirol hazkundeak teknikari berriak erakarri zituen klubeko egiturara. Batetik, 2017/2018 denboraldiko igoeraren ondotik, eta langa oso gora utzirik hainbeste denboralditan egindako ibilbide bikainagatik, Rubén Navak Aitor Alonsoren eskuetan utzi zuen entrenatzaile postua LF2n (2018/2019). Ondoren, José Javier Unzué “Jotas”en txanda izan zen bai LF2n (2019/2020) bai LF Challengen (2020/2021 eta 2021/2022), eta ondotik, Juantxo Ferreirarena, LF Challengen (2022/2023 eta 2023/2024); gizonezkoen ataletik iritsi zen, eta hartan oraindik ere egiten ditu zuzendaritza teknikoari dagozkion lanak.

 

2020ko koronabirusak eragindako geldialdiak eragotzirik, emakumezkoen taldeak ezin izan zuen jokatu saskibaloiaren mailarik gorenera igotzeko fase historiko hura. Klubak, ordea, ez zuen bere jarduera eten eta elkartasunaren bidea sakondu zuen garai latz hartan beharrik handienean zebilen jendearen alde.


Ahaleginak bere saria izan zuen 2020/2021 denboraldian, emakumezkoen taldeak lehen aldiz jokatu baitzuen estatuko saskibaloiaren kategoria gorenera igotzeko fasea.


Urte horietan guztietan, nazioarteko maila duten hainbat jokalari aritu dira klubean, hala nola Amaya Gastaminza eta María Asurmendi nafarrak, eta Diana Cabrera argentinarra.


Gure lehen taldeen une onaren erakusgarri, hainbat titulu iritsi ziren beheko kategorietan, hala nola juniorretan nesketan 2013/2014an eta 2016/2017an, juniorretan mutiletan 2017/2018an eta 2020/2021ean; kadete emakumezkoetan 2013/2014an, 2014/2015ean, 2021/2022an eta 2022/2023an, eta emakumezkoen taldearen titulua infantiletan 2012/2013an. Horrekin batera, aipatu behar da gure klubeko jokalari andana izan dela etengabe Nafarroako selekzioen deialdietan, bai eta Espainiako Selekzioarenetan ere, hala nola Olatz Pino eta Sandra Dávila, biak ere ohikoak Espainiako Selekzioaren deialdietan oinarrizko kategorietan.


Nolanahi ere, klubak ez du inoiz bere alde soziala ahaztu, eta, beste jarduera batzuen artean, Psicobasket programari eutsi dio. 2019ko otsailean, Nafarroako Gobernuak urteko kirol proiektu berritzaile onenaren saria eman zion.


2022an, Fundazioak Patronatuaren osaera berritu zuen, eta José Luis Orejak hartu zuen presidentzia.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

This site is registered on wpml.org as a development site. Switch to a production site key to remove this banner.